2008ko martxoan, Olaeta sendiak bere kultura ondarea Bizkaiko Foru Aldundiari dohaintzan ematea erabaki zuen, kultura aberastasun itzel hori artatu eta barreiatze aldera, hain zuzen ere jarduerako 80 urtean zehar pilaturikoa izan zena. Aldundiak ekitaldi sinboliko, ospetsu eta emoziozko batean onartuko zuen ondare hori, urte horretako abenduaren 11n Foru Jauregian. Ekitaldi hartan, Euskal Filmotekako zuzendariak 1937ko film mutu baten sorpresa jarri zuen: bertan, Olaetarrak txikitan Frantzian dantzatzen ageri dira. Haur horiek, agure jada, musika jarri zieten bat-batean dantza haiei, ahots ezberdinetan abestuz lehenengo aldiz irudi zahar haiek ikusten zituztelarik.