Frantziako Luis XIV.ak, Eguzki erregeak, L’Académie Royale de Danse sortu zuen 1661ean. Europako historian baleteko lehen talde akademiko hau 16 dantzari euskaldunek eratu zuten besteak beste, hain zuzen ere erregeak, urtebete lehenago, Donibane Lohizunen egindako bere ezkontzan dantzan ikusi zituen horiek. Balet klasikoa sortu zen gorte frantziarrean Beauchampsen bost posizioekin eta Lullyren musikarekin: estilizatua eta findua, Medicitarren Italiako modu eta gisetan inspiratuta.
Hori izan zen euskal dantzako pertsona garrantzitsuek nazioarteko baletari ekarpena egin ahal izan zioten lehenengo aldia. Hortik dator Balet Klasikoaren pausoen artean hurrengoak agertzea:
Pas de Basque: Borobilean rond de jambe bat egin eta ondoren salto egiten den pausoa.
Saut Basque: Dantzariak salto egiten duen pausoa, airean biratzerakoan oin bat beste belaunaren gainean mantenduz.
 
Hainbat urte geroago, XX. mendean sartuta jada, Segundo Olaetak biribil hori itxi zuen: bere semeak Pariseko balet klasikoan prestatu izan eta gero, Balet Euskalduneko eta Dantza Klasikoetako lehen akademia ireki zuen 1950ean. Bertan, euskal folklorea bateratu zuen Balet Klasikoarekin, hura estilizatuz eta harmonizatuz. 50 eta 60. hamarkadan munduan zehar (Frantzia, Kanada eta EEBB) egindako birak, eta antzerki onenetan eta telebistan eskainitako emankizun ugariak haren ekarpen handiaren lekuko izan ziren.